FAMILIA KONSTELAZIO BERRIAK
Zer dira Familia Konstelazioak?
Familia Konstelazioak Bert Hellinger (1925 – 2019) filosofo eta terapeuta alemaniarrak garatu zituen. Pertsona bakoitzak bere sentimendu, desio, portaera, erreakzio eta gaixotasunen bitartez nahi gabe adierazten dituen familia-iraganaren loturak ezagutzeko eta ulertzeko aukera ematen digute.
Bizitza datorren moduan eta esker onez hartzeko eginda gaude. Baina gure arbasoek beren gain hartu ez zituzten ezbeharrak eta erruak konpentsatzeko behar inkontzienteak atxikitzen gaitu, baita gure ahalmenak eta helburuak mugatzen dituzten fideltasun inkontzienteek ere.
Ahaztutako arbasoengana lotuta gaudelako gertatzen da hori, eta ahaztuta jarraitzen duten bitartean, ezin izango diogu gure bizitzari etekin handiena atera.
Pertsonak konstelazioan erakusten zaiona onartu eta eskertzea aukeratzen duen momentuan, sufriarazten duten eredu mugatzaileak askatzen dira.
Orduan energia berri batez beteko da, eta honek erabaki berriak hartzera bultzatuko du, pertsona bake eta errealizazio handiagora eramanez.
Maitasunaren Indarrak
Bai bizitza den bezala izateari
‘Maitasuna da bizitza gidatzen duena.
Bizitza maitasuna da’
Bert Hellinger
Familia Konstelazio Berriak
Bizitza aldaketa, mugimendua, eraldaketa da. Horregatik, Familia Konstelazioak etengabeko eboluzio prozesuan daude, bizitzaren zerbitzura.
Konstelazio Berriak bizitza ikusteko modu bat dira: behin iragana onartu eta eskertuz gero, pertsonak lehena agurtzea eta oraina den bezala bizitzea aukeratzen du, errespetuz, maitasunez eta esker onez. Erabaki horrek bere baitan posibilitate guztiak dauzkan eremura hurbiltzen du pertsona, honi esker salto kuantiko bat emanez, beti denentzat aurreko irtenbidea baino hobea izango dena.
Konstelazioan garrantzitsuena ez da honen azken irudia, pertsonarentzat eta bere familia-sistemarentzat martxan jartzen den sendatze mugimendua baizik. Sendatze honek aurretik gertatutakoarekin bakeak egitea dakar, eta pertsona dena den bezala maitatzen hasten denean sortzen da.
Zer konstelatu dezakezu?
Familia-konstelazioak jarrera heldua eskatzen du: pertsonak kexa, epaiketa eta biktimismoa atzean utzi eta errealitatea den bezalakoa onartzea aukeratzen du, bere erantzukizuna bere gain hartu eta erabakiak modu autonomoan hartzea.
Sendatzeko gaitasuna pertsonaren baitan dago eta bizitzarekin bat etortzen denean garatzen da, betiere pertsonaren ahalbideen esku. Konstelatzaileak pertsona bere sendatze indarrarekin harremanetan jarri besterik ez du egiten.
Nola garatzen da Familia Konstelazio bat?
Pertsonak, oso zentratuta, esaldi bakarrean landu nahi duen gaia esaten du. Garrantzitsua da aukeratutako gaia une honetan pertsonarentzat esentziala izatea.
Noizean behin, konstelatzaileak ariketa sistemikoren bat proposatu dezake, konstelazioaren aurretiko urrats gisa, pertsonaren ulermena areagotzeko.
‘Arazoaren baitan dago irtenbidea,
arazoaren baitan dago bizitza’
Brigitte Champetier de Ribes
Irudikapenari buruz
Konstelazioa ez da psikodrama, ezta antzerkia ere. Gorputz terapia bat dela esan genezake: gure emozioak eta barne elkarrizketa kontuan hartu gabe, gure gorputza gidatzen duen zerbaiten eskuetan uztean datza. Meditazio aktiboa da.
Zenbat eta mugimendu motelagoa izan, orduan eta sendaketa handiagoa izango da. Konstelazioaren kalitatea irudikapenaren kalitatearen mende dago: pertsonaren ordezkoa, meditazio jarreran (pentsamendurik, emoziorik eta intentziorik gabe) energiaren esku jartzen da. Pertsona isiltasun eta errespetu sakonean dagoen neurrian, sendatze mugimendu honek bakeak egitera eramango du.
Noizean behin, eta konstelatzailearen argibideak jarraituz, pertsonak inolako emoziorik gabe ahoskatzen den esaldi bat esan beharko du, modu neutroan, egiaztapen gisa.

Horrela, isiltasunean, familiaren barne dinamika azaleratzen da, bai pertsonaren eta bai konstelatzailearen mugimendu, jarrera eta sentsazioen bidez. Terapeutak familia-konstelazioaren bilakaera zuzentzen du, pausoz pauso ordena, errespetua eta maitasuna berreskuratuz, pertsonak proposatutako gaiaren energia blokeatua askatzea lortu arte.
Liberazio honek oso aldaketa sakon eta sotilak eragiten ditu, batzuetan harrigarriak eta berehalakoak. Pertsonak Familia Konstelazioekin benetako konpromisoa hartzen duenean, zenbait hilabeteren buruan pertsonaren eta bere senideen bizitzan eraldaketa sakona agertzen da. Bere barnean indar eta bake handiagoak sentitzen ditu, azkenik hura bera dela sentitzen du eta, aurreko belaunaldien indar eta maitasunaz baliatuz, bere bizitza zuzentzen has daiteke.
